Nor nori nork

“Ijitoak, agotak eta perlutak, munduan badira hiru jende klase”, zioen blog honi behin baino gehiagotan bisita egin dion Martina Urroz Laurnagarai Oronozko amatxik. Segur aski “kitoak” zioen, baina haren alaba gure amoñak Irunen pasatako urte ugariek eragina zuten. Agotak? Amoñak ez zekien: “ijito modukoak edo izanen ziren”. Eta perlutak? “Gu omen gara perlutak”. Perluta guztiak ere ez ziren berdinak. “Urte berri berri” kantari eskean ateratzen ziren umeak jornaleroen seme-alabak ziren. Ez zuten etxe guztietan kantatzen/eskatzen: soilki “etxe bezinoetan”; hots, beren etxearen jabe ziren familien etxeetan. Eta maizterrak, ez eskatu ez eman.

Oronozko eliza Barbenetikan.

Behin Besta Berriko prozesioan Martinaren alaba gazteena atera zuten aingeru. Lurra belarrez eta lorez estali eta etxeak “jauntzi” egiten ziren, maindire, koltxa, mantel dotoreenak balkoi eta leihoetan apain. Jesusa Ansalas Urroz aingerutxoak etxeak burua makurtuz agurtzen zituen, baina ez etxe guztiak, bezinoak bakarrik; bere etxe parera ailegatu eta ezin agurtu, maizterrak izaki. Amak ez zuen aukerarik galtzen bera ere ezkondu arte bezinoa izana zela aldarrikatzeko. Ordurako ez omen zegoen agotik Oronozen, ez eta herrian bertakotu familia ijitorik ere, antza. Aste honetan bertan gogoratu dit ixeba Karmenek, orain harrifikaturik ezin bere burua sinetsiz, gerra ondoren Irunera etorri zirenean lotsatzen zirela sorterriaz, eta beratarrak zirela esaten zutela (nafar ereta ezin disimulatuzkoa baitzen). Nola esanen zuten, bada, “kitoen herrikoak” zirela, Zubietakoak? Horra! 80 urte Irunen eman eta kontu haiek oroitzean ez al zaio bada “kito” hitza eskapatu, bestela inoiz esaten ez duena?

Lesakako Besta Berrin jarraitzen dute lurra estaltzen eta etxeak “jauntzitzen”. Pentsatu nahi dut denak agurtzen dituztela.

“Vete a la mierda, manchurriano!” bota zion haserre irundar erdaldun batek nire lagun euskaldun bati, urte hartan ere (1996 baino lehen) ez zela Alardean aterako esan ziolako. Erdaldun hark iraintzeko kanpotar gutxiesgarrira jo arren, kontua da 1980ko hamarkadan Alardea “mantxurrianoz betea” zegoela, batzuen eskandalurako. Demografikoki eta politikoki “kanpotarrak” (ordurako aunitz Irunen jaioak) ezin saihestuz -saiorik izan bazen ere-, 60ko urteetatik aurrera kantineraren figura prestigioa irabazten hasi zen, betetzen zutenak “benetako irundarren” alaba/arreba/andregai zirelarik, etorri berrien aldean. Hondarribian ere, Compañía Mixta delakoaren kideak udatiarrak eta bertakoak (gehienak irundarrak, haatik) ziren eta dira. Ezbairik gabe, hauxe da, jakina Jaizkibel konpainia misto ez baina parekidea iritsi arte, prestigio gutxieneko konpainia. Deitura erdalduneko batek arestian sinestarazi nahi zidan emakumeak baztertzea ez dela bazterkeria “jatorrian halako asmorik ez zegoelako”. Nik orduan bera ere baztergarria zela erantzun, foruen arabera “odola zikina eta nahasketa egina” duenez gero, eta pipertu zait, deskalifikatzen dudalakoan. Eta hori historiara jo nuela, eta ez esamolde herrikoira: “¿qué es un manchurriano? La mezcla de un gitano y un marrano”. Gogorarazten dizuet marrano deitzen zirela judu konbertsoak, “kristau berriak”, agotak bezala.

Esku beltz batek kantinera “kanpotar” bati eskua oratzen, Irungo Alardean; zuek asmatu zein.

Duela 35 urte oronoztar adintsu bati galdegin nion ea ezagutua zuen Urteberritan kantatzeko ohitura, eta ezetz. Olentzero bai, baina gauza berria zela. Auskalo, agian sozialki hain zorrotz jokatu izanak lagundu zuen erritoa gal zedin. Mutildantzetan orain emakumeak bezala lehen agotak baztertzen zirela esan nuelako, “ttuku-ttuku” sinatzen duen batek eskandalizaturik erantzun zidan, eta ezpata-dantzetan bananak erabiltzearen pare jartzen. Baztertzaileen argudio klasikoa, nortzuk eta nolakoak nahastearena. Harentzat pertsona batzuk ez omen dira “nor”, baizik eta “zer” edo “nola”; badakizue: “jaia ulertzeko era desberdinak”, baztertzeko eufemismoa. Ez zitzaidan garbi geratu, ordea, zer zeritzon mendetan eta mendetan agotak baztertzeari: orain gaizki eta orduan ez?, orain ere ongi?, orduan ere gaizki eta halere egun emakumeak baztertzearen alde? Eta kitoak, eta jornaleroak, eta maizterrak?

Alarde, dantza, prozesio… horiek ez dira kontua. Kontua da bezino izan nahi, eta besteek ukatzea, norberak hautatzerik izan ez duen arrazoi batengatik, dela sexua, dela arraza, dela jatorria. Historikoki eta tradizionalki, “herria” ez da parekideek osatutako komunitatea izan. Hala eta guztiz ere, haren erritoetatik baztertzeak ez ditu baztertuak mailarik apalenean jartzen, herritartasunik gabe baizik, komunitatetik at. Irunen mantxurrianoen etorrera masiboak Irungo eta nafar kerrixketako caseroburroen maila “goititzen” lagundu zuen bezala (oro har eta beraz Alardean ere bai), emakumeen aldarrikapenak mantxurrianoak buruz buru topatu ditu, irundartasunaren bandera inarrosteak atzo goizera arte azkenak zirenei mailaz igotzen lagundu dien eran. Trikimailu zaharra.

Emakume bat dantzari 2014an Berako bestetan.

Eta gaur egungo agotak, alegia, haien ondorengoak? Hori, beste sarrera batean.

Oronozko bestak heldu dira eta ongi pasa. Eta Zubietan ere bai.

Utzi erantzun bat