Jatorria bera bekatu

No podemos compartir los criterios de nuestros antepasados” zioen  Irungo historiazale batek. Zeren eta gure arbasoek, Gipuzkoako Foruari men, alardeetan parte hartzea galarazten baitzieten “oficio vil” delakoetan zihardutenei edota odola “ensuciada y hecha mixtura” zutenei. Irun eta Hondarribiko Alardeen jatorrian bi bertsio daude: bata, klasikoa, hurrenez hurren 1522ko eta 1638ko garaipen militarren ospakizuna; bestea, Gipuzkoako herri bakoitzak urtero egin behar zuen armadunen foru- erakustaldia. Bigarren hau Trantsizio garaian hedatu zen, frantziarren -hots, Bidasoaldeko “anaien” (sic)- aurka espainiar borrokak goresteari gaizki iritzita, euskaldunok behiala izan omen genuen autogobernu militarraren gorazarrez. Praktikan,  diskurtso ofizial eta ofizioso gehienetan jatorri biak bateraturik agertzen dira.

Dagoeneko historiarekiko pertzepzio mitifikatua ere jorratua dut hemen. Gaur galdera da: nolatan zen posible, bada, gure arbasoen irizpidea partekatzen ez zuen berberak historia argudiatzea Alardeetan emakumeen partaidetza ukatzeko?

1522ko borrokan eta foru milizietan, “artilleriarik” ez, eta neska hauei eta niri axolik ez.

Tamalez, Biarnoko herri honetan agotei buruzko pastorala samartzialetan jokatu zuten, eta ezin joan!

Agoten jatorriari buruzko teorietan bi arlo bereiz daitezke: erudituak eta herrikoiak. Lehenek historia lehenetsi dute: bandaluak, godoak, arrianoak, arabiarrak, albigenseak, jauntxo feudalen jopu bereziki gorrotagarriak -herritarrak menperatzeko gazteluak, pasabidean zergak kobratzeko zubiak eta bestelako eraikin errepresiboak eraikitzen zituztelakoan-… eta legendunak, arrakasta gehien izandako hipotesia. Bertsio herrikoiak oro har disidentzia etniko-erlijiosoan oinarritu dira. Eta, oso inportantea: jatorriz kanpotarrak dira, mendeak eta mendeak toki berberean egon arren: Biarnon Aragoi eta Nafarroatik joanak, Erronkarin Zuberoa eta Biarnotik, Baztanen Baxenabarretik, Gipuzkoan Nafarroatik…

Logikak, baita logika mitiko horrek berak ere, esanen liguke jatorria, zeinahi dela ere, ezin dela aldatu. Baina logos eta mitos parekatzea contradictio in terminis denez gero, Alardeetan bezala agoten jatorria ere egokitu izan da errealitate berrira. XIX.-XX. mendeetan, Arizkunen honelako argudioa zerabilten agotak (hitza erabili gabe ere) plazako dantzetatik baztertzeko: “auzo hartakoek” ez zutela inoiz dantza egin herriko plazan, eta horrexegatik, tradizio hari euste aldera… tradizio hark zer jatorri zuen aipatu gabe, jakina.

Amaiurko gaztelua, hau ere mitifikatua, baina bestela. San Martzial eguneko borroka Nafarroaren konkistaren testuinguruan ulertu behar. Dena den, argazkia jarri dut uko egiten diodalako inguruko agoten auzoaren inguruan sortutako morboa hauspotzeari.

Irunen eta Hondarribian badago  XXI. mendean argudiatzen duenik, ustez modu zibilizatuan, gertakari historikoak “ulertzeko eran” datzala polemika, eta beraz zilegi dela emakumeen papera kantinerarenera mugatzea, rol hori dezimononikoa den arren. Areago, jatorrian emakumeek “benetan” izandako partaidetza historikoaren oroigarri, duela 20 urte beste desfile bat asmatu dute. Ez digute esaten, historia baldin bada koska, zergatik ez zuten ekitaldi hura asmatu emakume zenbaitek berdintasunezko partaidetza aldarrikatu arte.

Bertsio herrikoia, bere basatian, zintzoagoa da: berdintasunezko partaidetzaren aurka dauden askok oraindik orain honela diote gatazkaren jatorriaz: 1996an antisistema batzuek “se quisieron cargar el alarde”. Eta jakina, emakume haiek “son de fuera”. Galdetzen dudan bakoitzean zergatik ez duten mantxurrianoek, moroek, beltzek edo frantsesek (euskaldun izan ez izan) gogorapen historikoa desitxuratzen, eta bai emakumeek parte hartze hutsarengatik, itzuri egiten zaizkit, eta arrazista niri deitu!

Portzierto, Baztanten ere argudiatzen zuten historikoki, Irun eta Hondarribiko emakume gehienek bezala, agota gehienek naturaltasunez onartzen zutela beren egitekoa (alegia, ez egitekoa), eta ez zutela ulertzen zer zela-eta zetozen bakan batzuk bazterrak nahastera, “a enturbiar la paz de los vecinos”.

Nik badakit: hain zuzen, “bezino” izan nahi zutelako. Baina horrek beste sarrera bat merezi du.

Iruzkin bat

  1. Andone
    Andone Monday July 30th, 2018 at 19:25:04 | | Erantzun

    Egia borobila! Hori da hori historiako lezioa eman diguzuna. Mila esker!

Utzi erantzun bat