Warning: Parameter 2 to qtranxf_postsFilter() expected to be a reference, value given in /usr/home/kalegoi.com/web/wp-includes/class-wp-hook.php on line 286 Hau mitoa al da?

Hau mitoa al da?

2019an blog honek ibilbide berri bati ekingo dio: sarrera gutxi argitaratuko dira, web berean prestatzen ari naizen “ondare” orriaren mesedetan. Izan ere, gaiak antzekoak bai, baina tratamendua desberdina izango dute: ondare materialaren elementu zehatz bat hartu, eta harekiko pertzepzio mitifikatua jorratuko dut, bibliografia eta guzti; alegia, elementu horren fitxa katalografiko moduko bat, baina teknika, materialak, jatorria, egilea eta halakoak agertu beharrean, harengan proiektutako ondare materiagabea azaldu. Materiagabea ere, askotarikoa izan litekeen arren, mitikoari eutsiko dio.

Ojanguren bildumako argazki bikainak zer dira: ondare fotografikoa, etnografikoa, historikoa, dokumentala? Ondare dela, ezin uka.

Baina… beti al dago garbi zer den mitoa eta zer ez? Fikzio hutsetik harago, “imaginario” hitza erabili ohi da antropologian eta historian kolektibo baten pertzepzio orokortua azaltzeko, hari loturiko elementuak datuek ez baina “irudiek” osatzen dutenean. Sarritan, “kanpokoek” osatua da eta, gehiago edo gutxiago, bertakoek berenganatua. Horren topiko eta klixeak, ordea, gutxitan etortzen dira bat ahozko euskal tradizioan elementu berei darien pertzepzioarekin: Axularren espartinak ez du zerikusirik abarkakeriarekin, ez eta lauburuak lau herrialdeen foruekin ere. Hona beste adibide bat, gaurko protagonista, baserritartasun (gutxiesgarri nahiz laudagarri, kaletarren ikuspegitik betiere) genuinoaren adierazle  ez, baina gizonen eta emakumeen arteko sexuarena: “guk ezin aprobetxatu badeu / kertenik gabeko laia / ordun zuek ere alper-alperrik / zilbor azpiko zelaia”.

Gipuzkoar laia, Gordailuan.

Nafar laia, Gordailuan.

Laiak merezi luke ondare fitxa berez. Dena den, orain galdera beste bat da: kontakizun bat mitikotzat jotzeko beharrezkoa al da naturaz gaineko osagairik? Bera gabe imaginario hutsa izatera mugatzen da? Blog honetan bertan agertu izan da halakorik, adibidez pertsona bakar batek behin zerbait egin omen zuelako, ondorioa komunitate oso baten etorkizuna betiko baldintzatua, jatorrizko bekatua nola.

Naturaz gaindi gabe, mitifikaturik agertzen zaigu laiaren sorkuntza da. Beste behin, bi kontakizun alderatuko ditut. Lehena, nola ez, Pep Coll-en “Muntanyes Maleïdes” liburuan irakurri nuen. Bigarrena, berrikitan, Koldo Colomori zor diot, eta Nafarroan kokatzen du, Gares inguruan hain zuzen ere.

Aldeak alde, kasu bietan erlijio-gizon bat da asmatzailea, eskakizun ia ezinezkoa betetzeko xedez: baratzea goldatzea, zohi irauli berriak zanpatu gabe. Mitoetan aurkitu ohi dugun ezaugarri bat datza asmakizunaren oinarrian: behaketa, eta ondoriozko gogoeta. Bestetik, berriro ere gure imaginario modernoaren aurreiritziei muzin eginez, erlijiosoek bekatutik edota izaki pagano zein deabruzkoetatik oso hurbil egotea piriniar pentsamolde tradizionalaren klasiko bat da, blog honetan bertan agertu bezalaxe.

Kontua da fanga (katalanez) / laia parea asmatu zutenek aldez aurretik erreparatu ziotela sardexkari, eta handik ondorioztatu zutela nola egin lanabes berria, nahiz eta euskal kasuan forma horrexekin gutxitan aurkitu, eta bai maizago bina lanabes bilakatuta. Bertsio bikoitz hauxe bera da Wilhelm von Humboldt euskal bidaietan barna harritu zuena, emakumeen eskuetan bereziki, eskuzko goldaketa lan gogorra baita, lan gogorra denez.

Tira, historialariren batek esan lezake, arrazoiz osoz, laien erabilera askoz zaharragoa dela sardexkarena baino, eta beraz jatorriaren kontakizuna askoz berriagoa dela lanabesa bera baino.

Ba, horixe da mitoa: jatorria arrazoibide arruntez azaldu ezinik anekdotara jotzetik harago, mitoak errealitatea balio moralez berrinterpretatzen du, kasu honetan, jatorrizko bekatu bati emaitza positibo bat eranstearren.

Honako sarrera hau Koldo Colomori eskainia da, esker onez.

Utzi erantzun bat