HARTZA VERSUS BASAJAUNA

Euskarazko azken sarreran iradokia jorratu nahi nuke: hartza eta basajauna biak bat al dira? Basajauna errementaria (ere) badelako nioen, eta errementaria, hartz. Bai, baina hartz bihurtutako errementariaren adibideak ez ziren Euskal Herrikoak, Pirinioetako eta urrutiagoko beste eskualdeetan jasoak baizik. Beraz, basajaunaren eta hartzaren arteko harremana lausoegia ez ote den… Izan ere, basajaun, horrela, izenez eta izanez, euskalduna da, eta han-hemenka lehengusu txikiak izanagatik, pertsonaia ez dator guztiz bat atzerriko beste izaki mitikoekin, ezta hartzarekin ere.

Baina bai da; areago, inon baino hobeki Euskal Herrian azaltzen da basajauna eta hartza ahaide oso hurbilak direla, bat eta bera direla ez esateagatik.

Basoetako hutsune lau askok oraindik salatzen du txondor plaza non zen.

Barandiaranek kontatzen digu Ataungo basoetan, Askoa mendiko kobazuloan, basajaunak bizi zirela, eta haietako batek lan egiten zuela ikazkinekin… Gogoratu ikatzik gabe ez zegoela burdina lantzerik. Behin, ikazkin batek eskatu zion sar zitzala eskuak enbor baten luzeran egindako artezian, enborra bitan ireki ahal zezan, aizkora atera aurretik ziri bat iltzatuko baitzuen; alegia, ohiko lana. Ikazkinak, aldiz, aizkora atera bai, baina ziria sartu ez eta beraz enborra bere baitara bildutakoan zepoarena eginez basajauna eskuetatik preso geratu zen. Hura bai ziria sartzea, ziria ez sartzea! Gerora basajauna herrira eraman zuen, erakusgai (hartzak bezala). Askatu zutenean, basajauna kobazulora itzuli zen, bai eta ikazkina lanera ere. Harrez geroztik, ordea, ez zuen inork berriro ikusi.

Goierriko “burniziri” zahar bat, orain ondare bihurtuta Gordailuan.

Zeanurin basajaun esan beharrean jentil diote; istorioa, aldiz, berdintsu: han jentila lagun ez baina erasokor agertu omen zen, eta erronka bota basomutil bati. Hark baietz, baina lehenago lagun ziezaiola bukatzen enborra erdibitzeko lana. Jentilak onartu eta, preso zegoela, kristauak abagunea ospa egiteko baliatu zuen. Hemen maltzur jokatzea salbabide hutsa dirudi, ez trikimailu. Eta ondorioa: indartsuak bezain tuntunak direla jentilak. Beno, agian hau ere ez da erabat honela: indartsuak, bistan da; tuntunak baino gehiago, iñoxenteak omen dira, ingenuoak, gaur egun esango genuke trebezia sozial gutxikoak, jakinduria handikoak izan daitezke eta, naturaren ezagutzaz ari garela gehienbat.

Hartza, preso, Pirinio gaskoietako herri batean.

Eta horixe da, hain zuzen ere, hartzari egotzi ohi zaion ezaugarria: gauza batzuetarako oso inteligenteak direla, naturaren behatzaile apartak; gizakiekiko harremanetan, baina, engainatzen errazak; suminkorrak maiz, baina maleziarik gabeak, gizakiak ez bezala. Ezaugarri anbibalente honen adibideak ugari dira, Pirinioetan eta nonahi; anbibalente, baita, gizakiekiko erasokor zein lagunkoi agertzearena. Gizaki maltzurragoarena ere, edonon.

Hala eta guztiz ere, nire interpretazioa argudio honetan oinarritzea ez litzateke aski basajauna eta hartza berdinak direla argudiatzeko.

Hartzak zutik gizaki iletsu handi dirudi, basajaunen gisara. Honako hau Ansoteko ordokian dago ikusgai, Baionako Natur Zientzien Museoan, hartzei buruzko erakusketan, buruilaren 16 arte.

Non eta Euskal Herrian mito gisa azaltzen zaiguna Katalunian ipuin modura jasoa ez balego. Eta benetan harrigarri: 1855ean Okzitaniako Tolosan argitaratutako liburu batean idazleak zioenez, lagun batek honako hau Pirinio gaskoietan benetan gertatutakotzat kontatu zion: ikazkin bati hartz bat inguratu, arian-arian bien elkarrekiko mesfidantza gainditu eta, hartza laguntzaile fin agertu arren, harreman hura nola buka zitekeen beldurrez-edo, ikazkinak ziriaren trikimailua baliatu. Hartzaren atzaparrak enborrean harrapatuta zeudela, ikazkinak atzetik akabatu zuen.

Naturaz gaindiko deus ez dagoenez gero, teorian gerta zitekeen… Oso teorian, egia da, nahiz eta Pirinio gaskoiak hartzen hezitzaileen lurralde historikoa izan. Idazleak, hala ere, ez zuen sinetsi, ez eta beste hartz batek ustez protagonizatutako beste gertaera “gizatiar” bat ere.

Euskal bertsioek erakusten digute gertakizun harrigarria ez baina mito bat dela; hain zuzen bete-betean sinesteak mitoarena berresten du. Baina gaurkoz interesgarriena hauxe zait: hartza basajaun dela, edo basajauna, hartz.

Basajaun nahiz basandere, nola edo hala hartza diren guztiei dedikatua da sarrera hau.

Utzi erantzun bat