Gizon portatu

Oraingoan ez naiz ni izan, Amaia Nausia baizik, Berria egunkarian, Alardeak eta genero-indarkeria instituzionalizatua parekatu dituena. Hartara, hainbat adibide paratu ditu, folkloretik asko dutenak. Pirinioetan behintzat horixe gertatu baita, plazan egindako antzezpen zibil, politiko, judizial, erlijioso edota militarrak folklorizatu direla gurean, aspalditik. Zeren eta, plazan egiten dena publikoa baita, baita partikularren arteko harreman pribatuak ere: Zuberoan erraten duten bezala, zertara zoaz merkatura? ikus dezadan, ikus nazaten. Arabierazko “alarde” hitza bera euskaraz “erakustaldi” itzul liteke.

Lizarrako San Migel elizan, emakume batek bi suge ditu bularretan, sexu bekatuaren irudi.

Kontatzen digu Nausiak 1620an Lizarrako emakume alargun batek jasandako zigorra, gizon ezkondu batekin bizi zelako. Gizon horrexen emazteak salatu zuen, ez senarra, edo bi adulteroak, “bestea” baizik. Gizona, bada, biktima da. Emakumea da gaizkilea, “behar bezalako emakumeen” lotsa publikoa pairatu behar izan zuena, erbesteaz gain: asto baten gainean biluzik paseatu zuten, herritarren irain eta oihuen artean. Lotsa publiko hura alderatzen du Nausiak aurten Hondarribian Jaizkibelek pairatutako tratu txar publiko batik bat femeninoarekin. Auzi honetako gizona ez da dotore geratzen; baina erruduna emakumezkoa da, komunitateak bere buruari ezarritako ordena hankaz gora jarri duela eta. Nolatan iraun du halako pertzepzioak Bidasoaldean XXI. mendera arte?

Iraun baldin badu behinik, agian Nausiak gehiegizko alderaketa egin du eta… Bada, ez, niri ez zait gehiegizkoa.

Duela urte batzuk, telefonoek argazki-makinarik ez zuten garai ez hain aspaldikoan gaskoinerazko lurraldeetan barrena nindoala, herrixka anodino batean -hain anodinoa ezen ez baitut gogoan ere haren izena-, argibide turistikoen paneleko “événements historiques” atalean hauxe baizik ez zetorren: XVIII. mendean, gizon bat karta jokoan etxean gaueko ordu txikietan ari zela, andreak errieta egin zion, beste jokalarien aitzinean. Gizonak ez zion gogor egin eta lagunek, eskandalizaturik, assoada bat antolatu zieten herriko plazan hurrengo igandean. Assoada edo asinada esaten da oc hizkuntzaz euskarazko asto-lasterrak. Herri-kantagintzara ere pasa dira, okzitanoz ez ezik, katalanez ere bai: El Pont d’Arcalís taldeak katalanezko bertsio bat aurkezten digu, non andrea dantzara doan, senar “asto adardunak” eman liezaiokeen jipoiari muzin, halako lotsagabea!

Monaca delakoak Bigorrako Campan bailaran, gaur egun erakargarri turistiko, behiala senar-emazte ez bezalakoei egindako “opari” ziren, zintzarrotsez gain.

Asto-lasterrak, XX. mendea ongi sartu arte folklorera pasa direnak, arrazoi askorengatik antolatzen ziren, gehienetan senar-emazteen arteko kontu lotsagarriak plazaratzeko: adar kontuak maiz, baina baita andreak ez omen zegokion agintea adierazten zuenean. Adarrak berak baino are eskandalosoagoa izaten zen, ordena naturalaren iraulketaren paradigma, emazteak gizona jipoitzea. Berriro ere, gizona biktima, ez haatik errugabea, bere egitekoa egiten ez zuelako; baina emakumea gizon portatzea… hura ezin eraman! Zigorra jada ez zen judiziala, herrikoia baizik; ez goxoagoa, ordea: salatutakoa plazan antzeztea, asto baten gainean. Ez biluzik, baina bai gibelez eserita, aldrebeskeriaren adierazgarri.

Euskal asto-lasterrak, 1936an Harrugetek egin irudian.

Eta biluzik ez, protagonistak ez zirelako interesatuak, herriko mutilak baizik, horietako bat emakumearena egiteko mozorrotuta. Emakumeek ez baitzuten plaza okupatzen antzezpenetan, ikusle huts izatera mugatuta. Ikusle huts? Ez, subordinaziotik ere, publikoa ezinbesteko osagaia zen gizonezko gazte protagonisten luzimendurako, oihuka, irainka, erdeinuz, “emakumea” kolpatua eta umiliatua zelarik irri-ajataka…

Eta hondoko soinu-banda, zintzarrotsak.

Aurtengo Hondarribian, berriz, arbitro-txifloek jarri dute musika, mendeetako tradizioan modernitateari egindako ekarpen bakar.

Utzi erantzun bat