Bidegileak

¡Sí, hombre, lo machacarían! Horrela bota zuen Donostiako elizbarrutiko bikario nagusiak, Alardea zela eta ez zela nik esan nionean apezpikuak eman zezala San Martzial ermitan meza, jakina, bakarra, eta ez bata “herriarentzat” eta beste bat agot-emakumeentzat, asmo onez baina bazterkeria berretsiz bertako apaizak planteatu bezala. Ez dut esango zein apez, apezpiku eta bikario, berdin dio. Bai esango dut deigarri zitzaidala horren xalo adieraztea denok dakigun arren diskurtso ofizialek, baita erakunde berdinzaleenek ere, isiltasunez ukatzen dutena: “betikoek” beldurra eragiten zuten, eta dute. Egiten diren adierazpen askok haien sumina saihestu nahi dute, eta horretarako berdintasunaren aldeko aldarria apaldu behar bada, ba, ondikotz! hala egiten da. Hala eta guztiz ere haserretzen dira, gaia ezin baita aipatu ere egin… non eta arrazoia ez baldin bazaie ematen, orduan “kanpokoek” ere egin dezakete. Baina horiek ere gero eta gutxiago direnez, ba, isiltasuna nagusi.

Auski, Aush oc hizkuntzan, Gaskoiniako hiriburu erlijiosoa da, katedral handiaz ederki hornitua.

Bi mende eta erdi lehenago, ordea, Eliza Ama Santuak askoz ausartago jokatu zuen, Gaskoiniaren muin-muinean. Han ez ziren emakumeak baztertuak (beno, bai, jakina, baina edonon bezala), agotak baizik. Agotek pairatzen zuten bazterkeria elizkizunetara mugatzen ez bazen ere, haietan nabarmen geratzen zen. Ba, XVIII. mendean, egoera bidegabe hura gainditzeko lehendabiziko pausuak Elizaren agintariek eman zituzten, “herriaren” aurka. Haiek zabaldu zioten bidea berdintasunari. Hiru adibide: Auskiko bikario nagusia, prozesio baten buru, ezustean atera zen elizatik agoten atean zehar, eta jakina, beste eliztarrek eta herritarrek atzetik jarraitu behar. Beste herri batean ate nagusia trabatu eta apeza, meza emateko, agoten atetik sartu zen, eta berdin gainerakoak. Harrez geroztik eliza haietan ateak ez ziren bereizgarri. Tarbako apezpikua izan zen bi agot apez egiten lehena, 1768an. Egia esan, 1682an, Luis XIV.ak berdintasun ofiziala agindu baino urtebete lehenago ere, Auskiko artzapezpikuak ere beste bat apeztua zuen. Oso ilustratuak izanagatik ere, harrigarria da, are gehiago kontuan hartuta agoten jatorri mitikoen artean argudiatzen zela juduen edo kataroen ondorengoak zirela; hau da, sasikristauak.

Tarbako katedrala.

Hori bai, XIX. mendean eta XX. aren hasieran ere, Iruñeko elizbarrutiko apez etorri berri baten batek Baztanen edo agotak geratzen ziren beste herriren batean egoera ezagutu, eskandalizatu eta aldatzen ahaleginduz gero, herritarren ezetza biribila zen, eta bortitza. Iruñetik hitz goxoak -kasurik onenean- eta gauzak beren hartan uzteko aholkuak baizik jasotzen ez zutenez, apez bakan haiek etsi egiten zuten.

Irungo San Martzial ermita.

Tira, erretorikotik asko zuen ene proposamenak, Irungo Alardearen ezaugarri positiboetako bat, ene aburuz, hain zuzen horixe delako, aspalditik eliztarren protagonismoa meza ematera mugatua dela, nahiz eta hura ere berenganatu nahi izan duten “betikoek”. Orain agerian utzi nahi dudana da “auctoritas” duen baten jarreraren garrantzia: zeren eta agintariek, garai batean erlijiosoek, gaur egun teorian demokraziaz hautatutakoek, beren berezko itzalaz, iritzia sortu egiten dute, edota iritzia osatzen -eta eraldatzen- lagundu. Txikitan katekesian irakatsi ziguten bezala: “por ser vos quien sois”, aski dute karguari dagokion errespetua.

Egia esatera, ez nau sobera kezkatzen Elizaren jarrerak Alardeetan. Aitzitik ere, kezkatzen nauena da, bere motel, trakets eta herabean, zuzenago jokatu duela benetako ardura duten erakunde zibilek baino. Ezinezkoa da ulertzea “herriaren” jokabide gogorra erakundeen koldarkeria gabe; koldarkeria, ala berdintasunaren aurkako beligerantzia? “Nuestras tradiciones forales están por encima de supuestos derechos de la mujer” (Irungo alkate Buen Lacambra), “que asuman las consecuencias de sus provocaciones” (Borja Jauregui, Hondarribikoa), “a mí el Alarde me da dos mil votos” eta -pankarta bat  eta erasoak parekatuz- “violencia hay en ambas partes” (Santano Irungo alkate oraingoa). Aurten ere bere burua “herriaren alardea” duen jai pribatu baztertzailearen programa eta udalarena biak batera banatu dira, batak, besteak edo biek diru bat aurrezteaz gain, elkarri zilegitasuna aitorturik eta agot-emakumeak berriro herritartasun/hiritartasun kontzeptu eta praktikatik bazter utzirik.

2002an, Ertzaintzak arrastaka atera zituen berdinzaleak, eskuan Ibarretxeren esaldi bat idatzita zeramatenak: “behin betikoz sustraitik atera behar da gizonen eta emakumeen arteko diskriminazio oro”.

Eta Bidasoaldetik kanpo? Errespetu eta xera osoz eta errealismo gordinez: Ararteko eta Emakunde zilegitasun handiko baina eraginkortasun eskaseko erakundeak dira gainerako erakundeen laguntza gabe. Izan ere, munduko berdintasun-lege aurrerakoienetako bat aurrera atera zuen el lehendakari de los vascos y de las vascas delakoa, berdintasunaren garrantziaz kazetari bati “estoy convencido, estoy convencido, estoy convencido” esan zion berbera, sikiera behin etorri balitz Udaletxeko balkoira bere “auctoritas” hutsez agot-emakumeei babes morala ematera, hitz erdirik esan ez balu ere, “normalak”, gu ez omen garen “herria” bide direnak agoten atetik sartuko ziratekeen alarde-prozesioan.

Hala egin balu, mendeetako tradizioa egun batetik desagertu ez baina aldatzen hasiko zatekeen. Badakizue: mila kilometroko bidea egiteko, lehen pausua eman behar.

Utzi erantzun bat