EZ GARA NEUTRALAK

Zertarako historia? Irundarron alde

Historialaria nazen aldetik, iaz bi “gonbidapen” jaso nituen, biak kontrajarriak. Biei uko egin nien. Baina ez, ez naiz neutrala, aitzitik ere. Arrunt garbi daukat ez nagoela ez bataren ez bestearen alde, arrazoi desberdinengatik, egon ere. Dena den, orain arte ez dut publiko egin nire jarrera, bide batez esanda, sobera ezaguna.

Gaur berrabiarazten dudan blog honetan historia izango dut gogoetagai. Baina etorkizunari begira idatziko dut. Izan ere, irundarron berradiskidetzea dut helburu. Eta Alardea, bitarteko. Alardea ez delako komunitate-hausturaren problema, sintoma baizik. Sintoma bera ere ez da neutroa, haustura bera areagotzen duen heinean. Era berean, konponbidea ere Alardearen baitan dago, behar luke, eta ezin saihestu.

Kontua da 1522ko ekainaren 30eko borroka haren bosgarren mendeurrena beteko dela bi urte barru. Zenbaki biribilak berez erabat arbitrarioak diren arren, begi-bistan da gure jendarte garaikide honek garrantzi handia ematen diela urtebetetzeei. Hortaz, abagune ezin aproposagoa begitantzen zait historia aztertzearekin batera hausnarketa kolektiboa egin dezagun. 2017an hasi nintzen berdintasunaren aldeko alardezaleen artean planteatzen zer edo zer egin beharko genukeela. Badakizue, alabaina, Axularrek salatu bezala, bekatu dugula “nola gerotik gerora ibiltzeaz koberatzen den usantza gaixtoa”, eta deus aurreratu ez. 2018ko udazkenean, 1522 Fundazioa aurkeztu zen, printzipioz “neutrala”, historian zentratua, ez “gatazkan”. Ni ere haztatu ninduten, parte hartuko ote nukeen, teorian historialaria naizelako, baina praktikan badakit bazela “betikoen” aldeko desoreka handia pixka bat berdindu nahian, edo desberdinkeriaren aldeko mugimendu hutsarekin identifika ez zedin. Ez nuen ezetz esan;; baina ez naute berriro kontaktatu, eta nihaur ere, aitor dezadan, ez naiz batere ahalegindu parte hartzen. Gero, bi manifestu edo denadelakoak etorri ziren, eta gero pandemia, eta samartzialik eta beraz alarderik eza. Orain, aspaldi luze honetan hausnartuak plazaratu nahi ditut. Horregatik hautatu dut abuztuaren 31garrena, 1813ko San Martzial borrokaren urteurrena. Sinboloak inportanteak direlako. Aholku bat: bisita ezazue Zumalakarregi Museoa, gure historiaz asko ikasiko duzue.

Ez, ez naiz neutrala, beharrik ere ez. Baina horrek ez du esan nahi bazter geratzen naizenik, nahikoa baztertu gaituzte 20 urte luzeotan. 15 urte pasa dira “Bidasoako Alardeak: herria versus hiria” argitaratu genuenetik, eta errealitatea dezente aldatu da (esaterako, orain Euskaltzaindiak dio “Bidasoko” behar duela); beraz, bada garaia ikasi duguna irakats dezagun.

OHARRA: Blog hau euskaraz idatziko dut. Horretan ere ez naiz neutrala. Hizkuntza bat baino gehiago dakizkigunok, idazterakoan, balizko irakurlea izaten dugu gogoan. Nik oraingoan euskalduna lehenetsi dut. Erantzunik banu, bada, euskaraz nahi dut. Ez dut erdarazko iruzkinik onartuko. Euskaldunok gutxieneko errespetu hori ere merezi dugulako.

5 comentaris

  1. Andone
    Andone 31 agost, 2020 at 14:46:03 | | Respondre

    Aupa Xabier! Didaktikoa, brillantea, zuzena, zintzoa… Txalo beroa!!!👏👏❤❤

  2. Xaun
    Xaun 31 agost, 2020 at 22:20:55 | | Respondre

    Blogaren aurreko sarrera (ekain bukaerakoa) gaur bertan irakurri diat, honexekin batera. Bietan idatzi dukenarekin erabat ados; bueno, azken honen bigarren zatiari zer-nolako segida emango dioken irakurtzeko irrikitan niok, tarta gozoaren ginga dastatzeko, alegia.

    Laister arte!

  3. Izaskun
    Izaskun 1 setembre, 2020 at 06:23:11 | | Respondre

    Tik tak tik tak…
    Aurten Irailaren 8an ez dugu Alarderik ezta Jaizkibel konpainiaren desfilea izango gure herrian.
    Irrikitan zure bigarren atala irakurtzeko beste egun seinalatuan.
    💪🏻😘

Deixar una resposta